XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haizearen azpitik

Haurrak ez diren batzuk haurrak bezala izatea gustatuko litzaiekeela aitortzen dute.

Hori esan eta gero begi ameslariak jartzen dituzte eta eszena errematatzeko arnasa sakonki hartu eta zizpuru bat uzten dute aidean.

Hain xamurki adierazitako desioa entzutean ongi konprenitzen dudala erantzunarren, nire baitan, beste susmo bat nagusitzen da: pertsona hori Heidirengan pentsatzen ari da.

Haurrek betidanik, abstraktoki hitzegitean bederen, oso fama ona dute.

Haurrak alaiak bihotzonekoak eta sentiberak dira.

Jakinnahi haundia daukate eta edozer gauzarekin entretenitzen dira, ustegabean galdera burutsu bat egingo dizute eta bere irudimena erakusten dute egunero.

Hala ere bere alderdi ilunak ere azaldu behar dira.

Haurrek txixa eta kaka egiten dute, nigar ere bai tarteka, kasketaren bat edo beste astean zehar... Hori da elkarrizketa prosaiko batean entzun daitekeena.

Azkenean, balantzearen orduan, eguzkia eta euria bezain beharrezkoak direla onartzen da.

Eta zer esango diozu haurrak hainbeste maite dituen bati edo haur bilakatu nahi duen bati? Nik behintzat ezer gutxi, ez bait ditut haurrak ezagutzen.

Nire haurtzaroa nolakoa izan zen ere ez dakit eta memoria ariketak alferrikakoak iruditzen zaizkit une haiek berreskuratzeko.

Joan zaizkigula besterik ez dakigu eta denboraren poderioz orduko pasarte batzuk iraungi eta beste batzuk berpiztu egingo direla halaber.

Hortik aurrera egin behar diren ahaleginak sobera nekosoak dira.

Horregatik miresten naiz haurren bizitzaren zati bat betetzen saiatzen diren gurasoak ikusita edo haur literaturan buru-belarri sartzen diren idazleen azalpenekin.

Azken orduan detaile hutsal eta fisiko batek laguntzen dit: haurrak oso txikiak dira.

Eta, Kafkak zioen bezala, haurrek haizearen azpitik korritzen dute.

Guri, aitzitik, haize hotzak eta epelek bete-betean zaflatzen digute aurpegia eta nahitaez tente iraun beharko dugu erasoetan.

Haurrak, bitartean, hor behean, aurrera eta atzera lasterka.

Beti lurretik hurbilago.

Pello LIZARRALDE.